XUXENen helburua euskaraz idatzitako testuen akats ortografikoak detektatu eta zuzentzea da, ahalik eta modu eroso zein eraginkorrenean.
Zuzentzaile ortografikoa errore ortografikoak zuzentzen dituen sistemari deitzen diogu. Honek, testu baten zuzentasun tipografiko nahiz ortografikoa bermatu beharko du. Errore ortografikoak, tipografikoak ez bezala, beharbada erabiltzailearen ezjakintasunak eraginak izan litezke, esate baterako, "hau, hemen" moduko erakusleak hatxerik gabe ("au, emen") idaztea... Errore tipografikoen adibidea aldiz honakoa genuke: "txoria kavian zegoen". "B" eta "V" hizkiak bata bestearen ondoan daude, eta nahi gabe bata bestearen ordez sakatu ahal izan dugu.
Orain arte, XUXEN tresna ordenagailuetan instalatu behar zen erabili ahal izateko. Eskura daukazun web gune honen bidez, testuak zuzentzeko aukera izango duzu zure ordenagailuan ezer instalatu gabe.
Sistemak bi zuzenketa modu ematen ditu:
- Zuzendu: aukera honen bidez zuzenketa azkarra egingo dugu. Testua aztertu ondoren, XUXENek ezagutzen ez dituen hitz guztiak nabarmenduko ditu eta hitz ezezagun bakoitzaren gainean proposamen zerrenda bat erakutsiko du.
- Zuzenketa aurreratuan berriz, hitzez hitzeko zuzenketa egingo dugu. Bulegotika aplikazioetan jarraitzen den metodoa da hemen erabiltzen dena.
Hiztegi pertsonala kudeatzeko aukera ere eskaintzen da. Horretarako erabiltzailea erregistratu behar da. Zuzenketa egiten ari den bitartean, erabiltzaile erregistratuak bere hiztegia osatzeko aukera izango du. Honela, hurrengo zuzenketa batean, bere hiztegian dauden hitzak kontutan hartuko dira.
Bestalde, web gune honetan XUXEN tresnari buruzko hainbat informazio bildu nahi izan dugu. Modu honetan, XUXENi buruz argitaratzen diren artikuluak irakurri ahal izango dituzu, edo XUXEN aplikazioak dituen bertsio guztiak jaitsi.